Infografia: Esperanza Samaniego García-k genero indarkeria nerabezaroan 4. DBH-ko ikasleei egindako ikerketaren inguruan.
Erreferentzia: Samaniego, Esperanza (2010): Estudio sobre la identificación y vivencia de violencia en parejas adolescentes. Apuntes de Psicologia, Vol. 28, numero 3, pags. 349-366
Txiki txikitatik zoriontasunez beteriko bizitza zoragarri bat izateko eredu idealak jarraitzeko hainbat modutan bultzatuak izan gara. Horietako batzuk era inuzenteen bidez, hala nola, umeentzako ipuinak, filmak, jostailuak edo marrazki bizidunak, genero ezberdinei esleitutako rolen barneraketa, ikasketa eta erreprodukzioa helburu zutelarik.
Munstro beldurgarriek eragindako izua ez delako soilik txikitan barrua mugitu eta urteak pasata gogoan dugun oroitzapena. Argi eta kolore biziz, kantu alai eta personai ederrak erabilita, gozotasunez sartzen den mezu honek traumarik eragin ez ezik, gerora samurtasunez gogoratu eta hurrengo belaunaldiei transmititua izan ohi da, geure bizitza propioekiko ditugun igurikapenetan eraginez.
Disney faktoriak, esaterako, ipuin guztieetan edertasunaren, gaztetasunaren, jabetza ekonomikoaren, boterearen eta batez ere, bikote egonkorra izatearen hil edo biziko beharra eta garrantzia erakusten digu, zoriontasuna lortzeko bide bakarra balitz bezala, betiere sufrimenduz beterikoa. Gainera, balore hauetaz aparte lehen aipatutako generoen araberako rol banaketa esplizituki agertzen da, istorio guztietako protagonista nagusiak emakume gazte eta lirainak dira, beti printze urdinaren esperoan bizi direnak, haien bizitza aldatu eta zoriontsu izateko berme bakarra litzatekeen gertakaria.
Agertzen diren beste emakume gazteak protagonistarekiko lehiakortasuna errepresentatu ohi dute, edertasunarengatik inbidia eta printzearekin ezkontza zapuztu nahian. Emakume nagusien inguruan hitz egitean, adierazgarriena ama litzateke, familia nuklear egonkor eta bikote eredu horren betikotasunaren islada gisa. Gizonen aldetik, emakume gazteen desira litzatekeen printze urdina dago, boteretsua , oso ederra (edertasunaren kontzeptu oso markatua: zuria, argala, begi urdinak, bizarrarik gabe, altua…) eta adoretsua baino adoretsuagoa dena. Hala ere, boteretsuenen gailurrean neskaren aita dagoela ahaztu gabe, bere alabaren ezkongaia erabaki eta erreinuko persona guztien gaineko ahalmena duenak, erreginaren gainetik ere.
Zoriontsu izatea norbera ezagutzea eta ingurukoekin askatasunez hori partekatzea da, berdintasun giro batean. Bestelako “zoriontasun” zapaltzaile eta menpekotasunean oinarritutakoa bada, ez dugu “zoriontsu” izan nahi!